Kakhovkako presaren haustura

Kakhovkako presaren haustura Dnieper ibaiaren Ukrainako zatian jazo zen, 2023ko ekainaren hasieran. Kakhovkako presaren erdialdeko tartea urratu eta hondoratzearen ondorioz, ur kantitate handiak askatu ziren ibaian behera, eta alimaleko uraldia zein kalteak eragin zituen ibaiaren arroan. Ondorioz, 600 kilometro karratuko (edo 230 milia karratu inguruko) lurraldea geratu zen uholdearen pean, eta milaka biztanlek utzi behar izan zuten bizilekua. Hondamendi ekologikoa ere ekarri zuen eta, ukrainar agintariek adierazi zutenez, presaren hausturak "zabortegi bat eta animalien hilerri bat" bihurtu du Itsaso Beltza. Presa Ukrainako inbasioaren gerran hautsi zen, eta urtegia, presa zein Dnieper ibaia gerrako frontearen banalerroan zeuden; datu sismikoek agerian utzi zutenez, presa leherketa batek zartatu zuen. Ukrainar eta errusiar agintariek elkarri leporatu zioten hondamendiaren errua. Kremlingo buruzagien esanetan, haustura ukrainarrek eragin zuten errusiarrak eta Krimea edateko urik gabe uzteko, urtegi hori haien ur hornidura iturri nagusia baita. Ukrainar agintariak saiatu izan ziren lehenago Krimeari edateko ur hornidura mozten, Ukrainatik bereizi zenean. Lehenago Ukrainar agintariek adierazi zutenez, berriz, errusiarrek eragin zuten hondamendia abiatzear zen ukrainarren kontraeraso bat zapuzteko; hain zuzen, Zelenskik presaren hausturari egotzi zion ukrainar kontraeraso militarra huts egiten aritzea, eta errusiar terrorismotzat jo zuen presaren leherketa. Hausturak bien kontrolpeko eskualdeak erasan zituen, errusiar indar militarrek eta agintariek ibaiaren ezkerraldea baitzuten beren eskutan; ukrainarrek, berriz, eskuinaldea. Alde horretatik, errusiarren peko lurraldea atera da okerren, eta errusiarren mendeko Nova Kakhovka hiriaren erdialdea uholdeturik geratu zen. NBEk bereziki Khersoneko eskualdeaz adierazi duenez, handia da edateko ur faltaren arriskua, uraldiak iturriak kutsatu dituelako. Haustura horrek inplikazioak izan ditzake urtegiko Zaporizhiako zentral nuklearrean, 120 kilometro uraz gora. Izan ere, urtegiak hozteko ura hornitzen dio. Ekainaren 12an, espero zen uholdea ekainaren 16rako itzuliko zela presa-hausturaren aurreko Dniper ibaiaren maila normalera.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search